2010-11-30

Bihotz beltza

Bihotza beltzez jantzi zait
ez ezazu orain begiratu,
zure begien begirada argia
ezingo dut jasan orain.

Inbidiak bihotza margotu dit
hitzak galdu direlarik
ez daukat ez malkorik
bihotzaren iluntasuna garbitzeko.

Ezin zaitut jasan
eta ezin naiz jasan,
beldur naiz
nire bihotzaren iluntasunak
harrapatuko ote zauen
zuk ere,
nik ere.

Ez zaitez gaur etorri
bihotza beltzez jantzi zait,
odol ilunaren malkoak
hornitzen naute gaur.

2010-11-29

Esangabeko hitzak

Beste sekretu bat,
zure ezpainen isiltasunak
hitz egiten dit
esandako gezurrak
jada ez dira nahikoak
zuretzat, niretzat.
Ez al zara konturatzen
falta den hitz bakoitzak
min ematen duela?
Iritsi da agurren momentua,
ez dut begiratuko atzera,
mingarriak dira agurrak
baina are gehiago zure gezurrak,
ez zaitez saiatu orain hitz egiten,
isilpean gordetako hitzak
hitz hilak baitira.
Hilerrian lurperatu ditzagun sekretuak,
azken malko bat galdutako maitaleentzat,
inork ez ditu lorerik ekarriko
esangabeko hitzen hilobira.

2010-11-25

Zure zain

Zure zain egongo naiz
datorrena datorrela,
hemen egongo naiz
eserita itsasertzean,
elkarrekin bizitako
uneak oroimenean
ezin zaitut agur esan,
laster arte eta irribarrea,
hitz emaidazu
bueltatuko zarela.

Urrun zauden bitartean
haizeak eramango ditu
nire pentsamendu guztiak
zuk jaso ditzazun,
maite duzun itsasoaren
usain gazia soinean
nire sentimendu bakoitza
zuretzako izango da beti.

Begiak zerura altxatuz
hodeiak ikusten ditut
hegan zure gana doaz,
zain ezin dira gelditu.
Begirada zerura altxa,
ikusten al dituzu zuk ere?

Hodei bakoitzarekin
pentsamendu bat doa
aurkitzera zurekin,
bitartean hemen nago zain
zu noiz etorri.

Zure ametsak betetzeko
pauso bakoitzarekin
urrundu eta hurbiltzen zara
nigana, nirekin.
Beti nago zu zaintzen
urrun urrunetik,
baina ametsak betetzean,
zerura iristean
niregana bueltatuko zara,
zain baitnago itsasertzean,
gure oroimenen etxean,
zure zain beti.

2010-11-23

Haizeari sekretuak

Esan ezin ditudan hitzak
xuxurlatu dizkiot haizeari,
zuregana hegan
eramango dituelarik,
ezinezko maitasunaren
sentimendu debekatuak
odol malkotan
urperatuko dute gure patua,
erregea maite ezin duen erregina,
erregina besterik maite ez duen zalduna
eta inoiz beteko ez diren sentimendu gordinak.

2010-11-19

Zeru zati bat

Zeru zati txiki batenpean
bizi eta hiltzen gara,
irri eta negar,
ezagutzen ditugu lagunak
eta agurtu ezagunak,
gure zeru zati txikiarenpean.

Zeru urdin txiki batenpean
ikasten dugu ibiltzen,
hitz eta irri egiten,
maitasuna sentitzen,
uneak oroitzen
eta ametsak amesten
gure zeru txiki urdinarenpean.

Mila esker
gure bidean aurkitutako lagunei,
gurekin bidaitutako ezezagunei,
guri irakatsitako irakasle guztiei,
gu besarkatutako familia kideei,
gu maitatutako gizaki bakoitzari,
mila esker
zeru urdin honen zati txiki hau
gurekin tartekatzeagatik.

2010-11-18

Itsasoan galduta

Beldurren itsasoan galduta
ez dago bueltatzeko biderik,
airea faltan, arnasestuka,
ezin ibili, ezin igeri,
gutxinaka, gutxinaka iluntasunak
lapurtzen du azken itxaropena
eta ez dago atzera bueltatzerik,
itsasoaren ilunpetan zintzilik
ni eta nire bakardadea
gara bihotzaren azken biztanleak,
ezin gainazalera berriz atera.

Betidanik

Betidanik pentsatu dut
nire alboan egongo zinela,
betidanik...
baina zer da beti?

Nire ondoan eskolan esertzen zen umea,
elkarrekin iragandako uneak,
asmatutako jolasak
eta galdutako ametsak,
betidanik izan dira gureak,
betirako gordetako uneak.

Betidanik gogoan izan dut
zure eskua nirean,
nire irribarrea zurea,
tartekatutako arratsaldeak,
betidanik, betirako
izan dira gureak.

Jada ez gara izan ginen umeak,
bizitza aldatu da,
aldatu al gara gu ere?
baina gordetako sentimenduak
ez zaizkit aldatu,
betidanik maitatutakoa
betirako maiteko dut.

2010-11-15

Begirada bat

Sekreturik gabeko
begirada galduak
aurkitzen dira,
instant bateko agurra,
segundo bateko
maitale ezezagunak
eta denbora aurrera doa,
minutuen apurrak
aldentzen dira,
maitasunaren lapurrak.

2010-11-14

Izan nahiko nuke

Itsasoa izan nahiko nuke
zure gorputz biluzia besarkatzeko
beso gizako olatuekin.

Euria izan nahiko nuke
zure malkoak garbitzeko
eta ihesean penak jartzeko.

Irribarrea izan nahoko nuke
zure ezpainak apaintzeko
pozaz margotutako irudiarekin.

Haizea izan nahiko nuke
zure ilearekin jolasteko
eta zure usaina nirekin eramateko.

Ahotsa izan nahiko nuke
zure ahoa daztatzeko
esaten duzun hitz bakoitzarekin.

Izara izan nahiko nuke
zure alboan lo egiteko,
zure ametsak zaintzeko.

Izan nahiko nuke
ilargi eta eguzkia
gau eta egunetan
nire maitasunarekin
zu argitzeko.

Baina ni baino ez naiz,
zutaz maitemindutako gizakia,
besoekin baino ezin zaitut besarkatu,
ezpainekin baino ez musukatu,
maitasunarekin soilik apaindu,
musuekin soilik malkoak lehortu
argiarekin soilik argitu
eta zure alboan ametsak zaindu.
Maitatuko al nauzu ala ere
zu maitatzen zauen maitale eroa?

2010-11-12

Neskatxa baten malkoak

Urre koloreko ilea
duen neskatxaren malkoak
ikusi ditut gaur ere parkean,
tristura-errekak
masailetan behera.

Zergatik egin behar du negar
horren neskatxa politak?
Nork eman dizu min,
esaidazu niri,
malko horiek garbitu nahi ditut
eta irribarre batekin
zure ezpain larrosak apaindu.

2010-11-11

Gure kanta

Eroritako gau tristeetan
kantan arituko naiz
gure kantaren oroimenean
ez ezazu egin negar,
nire malkoen izenean
nahikoak dira
maite baten penak,
ahaztu ezazu gure kanta,
nik gogoratuko dut eta
zu eta niretzat
joandako gauak
eta gure abesti sinplea,
zure irribarrea,
erantzunik gabeko galderak,
joan-etorritako uneak
zu eta niretzat
abesti honetan,
ez ezazu egin negar,
abestu ezazu nirekin
eta gorde oroimenean
pozak bakarrik,
agurtzeko unean
zure irria entzun nahi dut
eta gure kantarekin
nik agurtuko zaitut.

Hau da gure kanta,
guk sortutako ametsak,
guk ibilitako errepideak,
joandako arratsaldeak,
eraikitako oroimenak,
hau da gure abestia,
zure eta nirea,
ez ezazu egin negar,
abesten esan dezagun agur
eta datorrena datorrela,
hemen itxarongo zaitut,
gure kanta beti ezpainetan,
ez egin negar
ahaztu tristurak
bakarrik hitz eman
bueltatuko zarela
nirekin abestera
guk idatzitako kanta.

2010-11-10

Ezpataren patua

Zeru beltzaren hodeiak
negarrez ari dira,
malkoak nigana datoz
odola garbitzera,
ezezagun eta lagunak
berdin galdu dira
izenik gabeko guerra
madarikatu honetan.
Haien odola jazten du
nire ezpata bakartiak,
ez da egarri
baina edan behar,
guda honek galdutako
pertsonak eta bizitzak.

Garbituko al du zeruak
gizakion bekatua?
lurrean ez da hainbeste malko
gardentzeko patua.
Etor dadila euria
eta eraman odola,
maite genituen pertsonak,
ezagutzen ez genituenak
eta ezagutuko ez ditugunak.

Zeru grisarenpean

Zeru grisarenpean
euri gardenak
garbitzen ditu bekatuak,
zuritu gure patu krudela,
ezinezko maitale inozoak.

2010-11-08

Erretako maitalea

Sua itzali da,
kearen agurra
zerura doa,
bihotzaren iluntasuna,
higatutako maitalea,
gris koloreko musua
ezpainen iheslaria,
ezin bueltatu inoiz
maitalearen ahora,
behin sua amatatuta,
ke grisaren malkoak
ihesi zerura
eta zigarro-mutxikina
erori zorura,
hilobi gabeko
gorpua.

2010-11-04

Segundo bateko maitasuna

Leku orotan zaude,
nire pentsamenduan,
nire bihotzean,
nire amets guztietan
baina atzera begiratzean
inoiz ez zaitut aurkitzen.

Ezaidazu nor zaren,
zergatik ezin zaitut ahaztu,
nolatan hitz bakar batekin
dardarka usten nauzun,
begirada behin topatzearekin
pentsamndu orotan zaitut.

Nor zara,
nor zara zu?
nire bihotzak
zure izena entzun nahi du,
arrazoia lapurtu zion
lapurraren izena entzun.

2010-11-03

Bihotzaren ilunpean

Bihotzaren
ilunpean
zure izena
berriz ere
entzuten dut,
zure ahotsa
niri deika,
bakartia
bete ezin den
maitasunaren
samina.


2010-11-01

Mozorroa zuretzat

Irribarrea margotu dut ezpainetan,
makillaje azpian ezkutatu begiak,
jantzi dut eguneroko indiferentzia
eta mozorroarekin irten naiz kalera,
ibili naiz jende artetik
eta inork ez nau ikusi,
mozorroaren azpitik
dagoena ez du garrantziarik,
eta orduan zu iritsi zara
pozik beti bezala,
hain ona da zure mozorroa
zein ezin dut egia eta gezurra ezberdindu,
ikusteko gai al zara zu
nire mozorro azpian ezkutatutako malkoak?
zuretzat margotzen dut egunero irribarrea,
makillatu begi tristeak
eta jantzi egunero indiferentzia,
zu ikusi ez dezazun zure faltaren pena.
Gustuko al duzu jantzitako mozorroa zuretzat?

Gabon gaua

365 gau
eta bat berezia,
gau zoriontsu honetan
ikusi nahi ditut nire maiteak
guztiak batera
nire ondoan eserita,
irribarrea ezpainetan
ez dadila itzali,
gau osoan dir-dir
egin dezagun irri,
gogora ditzagun
urteak elkarrekin
eta ospatu
pozak eta tristurak
xanpain kopa batekin
eta etorri behar diren gabon gauetan
gogora dezagun gau berezia,
bakoitza bere urtean
elkarrekin, ni eta nire maiteak,
guztiak batera.