2010-11-30

Bihotz beltza

Bihotza beltzez jantzi zait
ez ezazu orain begiratu,
zure begien begirada argia
ezingo dut jasan orain.

Inbidiak bihotza margotu dit
hitzak galdu direlarik
ez daukat ez malkorik
bihotzaren iluntasuna garbitzeko.

Ezin zaitut jasan
eta ezin naiz jasan,
beldur naiz
nire bihotzaren iluntasunak
harrapatuko ote zauen
zuk ere,
nik ere.

Ez zaitez gaur etorri
bihotza beltzez jantzi zait,
odol ilunaren malkoak
hornitzen naute gaur.

2010-11-29

Esangabeko hitzak

Beste sekretu bat,
zure ezpainen isiltasunak
hitz egiten dit
esandako gezurrak
jada ez dira nahikoak
zuretzat, niretzat.
Ez al zara konturatzen
falta den hitz bakoitzak
min ematen duela?
Iritsi da agurren momentua,
ez dut begiratuko atzera,
mingarriak dira agurrak
baina are gehiago zure gezurrak,
ez zaitez saiatu orain hitz egiten,
isilpean gordetako hitzak
hitz hilak baitira.
Hilerrian lurperatu ditzagun sekretuak,
azken malko bat galdutako maitaleentzat,
inork ez ditu lorerik ekarriko
esangabeko hitzen hilobira.

2010-11-25

Zure zain

Zure zain egongo naiz
datorrena datorrela,
hemen egongo naiz
eserita itsasertzean,
elkarrekin bizitako
uneak oroimenean
ezin zaitut agur esan,
laster arte eta irribarrea,
hitz emaidazu
bueltatuko zarela.

Urrun zauden bitartean
haizeak eramango ditu
nire pentsamendu guztiak
zuk jaso ditzazun,
maite duzun itsasoaren
usain gazia soinean
nire sentimendu bakoitza
zuretzako izango da beti.

Begiak zerura altxatuz
hodeiak ikusten ditut
hegan zure gana doaz,
zain ezin dira gelditu.
Begirada zerura altxa,
ikusten al dituzu zuk ere?

Hodei bakoitzarekin
pentsamendu bat doa
aurkitzera zurekin,
bitartean hemen nago zain
zu noiz etorri.

Zure ametsak betetzeko
pauso bakoitzarekin
urrundu eta hurbiltzen zara
nigana, nirekin.
Beti nago zu zaintzen
urrun urrunetik,
baina ametsak betetzean,
zerura iristean
niregana bueltatuko zara,
zain baitnago itsasertzean,
gure oroimenen etxean,
zure zain beti.

2010-11-23

Haizeari sekretuak

Esan ezin ditudan hitzak
xuxurlatu dizkiot haizeari,
zuregana hegan
eramango dituelarik,
ezinezko maitasunaren
sentimendu debekatuak
odol malkotan
urperatuko dute gure patua,
erregea maite ezin duen erregina,
erregina besterik maite ez duen zalduna
eta inoiz beteko ez diren sentimendu gordinak.

2010-11-19

Zeru zati bat

Zeru zati txiki batenpean
bizi eta hiltzen gara,
irri eta negar,
ezagutzen ditugu lagunak
eta agurtu ezagunak,
gure zeru zati txikiarenpean.

Zeru urdin txiki batenpean
ikasten dugu ibiltzen,
hitz eta irri egiten,
maitasuna sentitzen,
uneak oroitzen
eta ametsak amesten
gure zeru txiki urdinarenpean.

Mila esker
gure bidean aurkitutako lagunei,
gurekin bidaitutako ezezagunei,
guri irakatsitako irakasle guztiei,
gu besarkatutako familia kideei,
gu maitatutako gizaki bakoitzari,
mila esker
zeru urdin honen zati txiki hau
gurekin tartekatzeagatik.

2010-11-18

Itsasoan galduta

Beldurren itsasoan galduta
ez dago bueltatzeko biderik,
airea faltan, arnasestuka,
ezin ibili, ezin igeri,
gutxinaka, gutxinaka iluntasunak
lapurtzen du azken itxaropena
eta ez dago atzera bueltatzerik,
itsasoaren ilunpetan zintzilik
ni eta nire bakardadea
gara bihotzaren azken biztanleak,
ezin gainazalera berriz atera.

Betidanik

Betidanik pentsatu dut
nire alboan egongo zinela,
betidanik...
baina zer da beti?

Nire ondoan eskolan esertzen zen umea,
elkarrekin iragandako uneak,
asmatutako jolasak
eta galdutako ametsak,
betidanik izan dira gureak,
betirako gordetako uneak.

Betidanik gogoan izan dut
zure eskua nirean,
nire irribarrea zurea,
tartekatutako arratsaldeak,
betidanik, betirako
izan dira gureak.

Jada ez gara izan ginen umeak,
bizitza aldatu da,
aldatu al gara gu ere?
baina gordetako sentimenduak
ez zaizkit aldatu,
betidanik maitatutakoa
betirako maiteko dut.

2010-11-15

Begirada bat

Sekreturik gabeko
begirada galduak
aurkitzen dira,
instant bateko agurra,
segundo bateko
maitale ezezagunak
eta denbora aurrera doa,
minutuen apurrak
aldentzen dira,
maitasunaren lapurrak.

2010-11-14

Izan nahiko nuke

Itsasoa izan nahiko nuke
zure gorputz biluzia besarkatzeko
beso gizako olatuekin.

Euria izan nahiko nuke
zure malkoak garbitzeko
eta ihesean penak jartzeko.

Irribarrea izan nahoko nuke
zure ezpainak apaintzeko
pozaz margotutako irudiarekin.

Haizea izan nahiko nuke
zure ilearekin jolasteko
eta zure usaina nirekin eramateko.

Ahotsa izan nahiko nuke
zure ahoa daztatzeko
esaten duzun hitz bakoitzarekin.

Izara izan nahiko nuke
zure alboan lo egiteko,
zure ametsak zaintzeko.

Izan nahiko nuke
ilargi eta eguzkia
gau eta egunetan
nire maitasunarekin
zu argitzeko.

Baina ni baino ez naiz,
zutaz maitemindutako gizakia,
besoekin baino ezin zaitut besarkatu,
ezpainekin baino ez musukatu,
maitasunarekin soilik apaindu,
musuekin soilik malkoak lehortu
argiarekin soilik argitu
eta zure alboan ametsak zaindu.
Maitatuko al nauzu ala ere
zu maitatzen zauen maitale eroa?

2010-11-12

Neskatxa baten malkoak

Urre koloreko ilea
duen neskatxaren malkoak
ikusi ditut gaur ere parkean,
tristura-errekak
masailetan behera.

Zergatik egin behar du negar
horren neskatxa politak?
Nork eman dizu min,
esaidazu niri,
malko horiek garbitu nahi ditut
eta irribarre batekin
zure ezpain larrosak apaindu.

2010-11-11

Gure kanta

Eroritako gau tristeetan
kantan arituko naiz
gure kantaren oroimenean
ez ezazu egin negar,
nire malkoen izenean
nahikoak dira
maite baten penak,
ahaztu ezazu gure kanta,
nik gogoratuko dut eta
zu eta niretzat
joandako gauak
eta gure abesti sinplea,
zure irribarrea,
erantzunik gabeko galderak,
joan-etorritako uneak
zu eta niretzat
abesti honetan,
ez ezazu egin negar,
abestu ezazu nirekin
eta gorde oroimenean
pozak bakarrik,
agurtzeko unean
zure irria entzun nahi dut
eta gure kantarekin
nik agurtuko zaitut.

Hau da gure kanta,
guk sortutako ametsak,
guk ibilitako errepideak,
joandako arratsaldeak,
eraikitako oroimenak,
hau da gure abestia,
zure eta nirea,
ez ezazu egin negar,
abesten esan dezagun agur
eta datorrena datorrela,
hemen itxarongo zaitut,
gure kanta beti ezpainetan,
ez egin negar
ahaztu tristurak
bakarrik hitz eman
bueltatuko zarela
nirekin abestera
guk idatzitako kanta.

2010-11-10

Ezpataren patua

Zeru beltzaren hodeiak
negarrez ari dira,
malkoak nigana datoz
odola garbitzera,
ezezagun eta lagunak
berdin galdu dira
izenik gabeko guerra
madarikatu honetan.
Haien odola jazten du
nire ezpata bakartiak,
ez da egarri
baina edan behar,
guda honek galdutako
pertsonak eta bizitzak.

Garbituko al du zeruak
gizakion bekatua?
lurrean ez da hainbeste malko
gardentzeko patua.
Etor dadila euria
eta eraman odola,
maite genituen pertsonak,
ezagutzen ez genituenak
eta ezagutuko ez ditugunak.

Zeru grisarenpean

Zeru grisarenpean
euri gardenak
garbitzen ditu bekatuak,
zuritu gure patu krudela,
ezinezko maitale inozoak.

2010-11-08

Erretako maitalea

Sua itzali da,
kearen agurra
zerura doa,
bihotzaren iluntasuna,
higatutako maitalea,
gris koloreko musua
ezpainen iheslaria,
ezin bueltatu inoiz
maitalearen ahora,
behin sua amatatuta,
ke grisaren malkoak
ihesi zerura
eta zigarro-mutxikina
erori zorura,
hilobi gabeko
gorpua.

2010-11-04

Segundo bateko maitasuna

Leku orotan zaude,
nire pentsamenduan,
nire bihotzean,
nire amets guztietan
baina atzera begiratzean
inoiz ez zaitut aurkitzen.

Ezaidazu nor zaren,
zergatik ezin zaitut ahaztu,
nolatan hitz bakar batekin
dardarka usten nauzun,
begirada behin topatzearekin
pentsamndu orotan zaitut.

Nor zara,
nor zara zu?
nire bihotzak
zure izena entzun nahi du,
arrazoia lapurtu zion
lapurraren izena entzun.

2010-11-03

Bihotzaren ilunpean

Bihotzaren
ilunpean
zure izena
berriz ere
entzuten dut,
zure ahotsa
niri deika,
bakartia
bete ezin den
maitasunaren
samina.


2010-11-01

Mozorroa zuretzat

Irribarrea margotu dut ezpainetan,
makillaje azpian ezkutatu begiak,
jantzi dut eguneroko indiferentzia
eta mozorroarekin irten naiz kalera,
ibili naiz jende artetik
eta inork ez nau ikusi,
mozorroaren azpitik
dagoena ez du garrantziarik,
eta orduan zu iritsi zara
pozik beti bezala,
hain ona da zure mozorroa
zein ezin dut egia eta gezurra ezberdindu,
ikusteko gai al zara zu
nire mozorro azpian ezkutatutako malkoak?
zuretzat margotzen dut egunero irribarrea,
makillatu begi tristeak
eta jantzi egunero indiferentzia,
zu ikusi ez dezazun zure faltaren pena.
Gustuko al duzu jantzitako mozorroa zuretzat?

Gabon gaua

365 gau
eta bat berezia,
gau zoriontsu honetan
ikusi nahi ditut nire maiteak
guztiak batera
nire ondoan eserita,
irribarrea ezpainetan
ez dadila itzali,
gau osoan dir-dir
egin dezagun irri,
gogora ditzagun
urteak elkarrekin
eta ospatu
pozak eta tristurak
xanpain kopa batekin
eta etorri behar diren gabon gauetan
gogora dezagun gau berezia,
bakoitza bere urtean
elkarrekin, ni eta nire maiteak,
guztiak batera.

2010-10-30

Lehenengo maitasuna



Nola ahaztuko zaitut?
zu izan bazinen lehena
nire bihotzeko atera
joka iritsi zinena,
oraindik ere dut gordeta
zuk irarritako izena,
zure faltak utzitako marka
ez da inoiz sendatuko, maitea.

Nola ahaztuko zaitut?
zu izan bazinen lehena
nire bihotza lapurtzen,
nire ezpainak musukatzen,
maite zaitut esaten.

Nola ahaztuko zaitut?
zu izan bazinen lehena
nire maitasuna pizten,
nire laztanak daztatzen,
maite zaitut entzuten.

Nola ahaztuko zaitut?
zu izan bazinen lehena
ez zaitut maite esaten,
nire maitasuna agurtzen,
nire bihotza apurtzen
eta geratutako apurrekin
ihes egin zenuen
lehena zu izan zinen.

Ezingo zaitut ahaztu,
zu nire lehen maitasuna,
zure hitz gozoen soinua,
zure musuen zaporea,
zure agurraren samina
betirako ditut gordeta
gure egunen uneak,
ezingo zaitut ahaztu
zu izan baizinen lehena
eta lehen maitasuna
beti daukagu gordeta
bihotzaren ilunpean
badakit nik ere nagoela
oraindik ere zurean.

2010-10-29

Zure ametsak ere beteko dira


Egunen batean
zure bidea aurkituko duzu
eta txoriak
kabia hutsik utziko du,
ziur nago
zure amets guztiak beteko direla,
bitartean hemen izango nauzu
beti zuretzat
eta zure lekua eraiki ostean
izango al nauzu oraindik gogoan?
nik beti izango zaitut gordeta bihotzean,
beti zure ondoan
zurekin zure ametsak bizitzeko,
poza eta tristura elkarrekin dastatzeko
eta hegan ikasten duzunean,
hegoak hazten zaizkizunean
eraman nazazu ni ere zurekin zeru urdinera,
zure ametsen gordeleku sekretura,
hemen egongo naiz itxaroten
zure itzulera.

Bigarren aukera



Esangabeko hitzak
pisatzen dute nire bihotzean,
gordetako sekretuak
betetzen dute nire bakardea,
egongo al da guretzat
bigarren aukera?

Ez dut sentimendu hauetatik
berriz ere ihes egin nahi,
patuak gure bide bakartiak
berriz gurutzatzen baditu
adorea bilduko dut
esangabeko hitzak esateko,
gordetako sekretuak kontatzeko.

Oraindik ere maite zaitut,
ezkutatutako sentimenduak
ez dira batere aldatu,
egongo al da guretzat
bigarren aukera?

2010-10-28

Sorgin batentzat malkoak

"Sorgin!
Sorgin!
Sugarretan hil!"
entzuten dut
herriaren oihua.
Hartu duzu
nire eskua
"Ihes egin!"
zure esku handiak
bihotza epeldu dit.
Zure begien ispiluan
ikusi dut izua berriz.


"Sorgin!
Sorgin!
Sugarretan hil!"
"Ihes egin!"
Zure ezpata jaso da
babesteko ni,
keinu txiki hori
poza eman dit
baina ez dago itxaropenik,
ezin herriko jendetik
ihes egin.

"Sorgin!
Sorgin!
Sugarretan hil!"
"Ihes egin!"
Zure esku epeletik
ihes egin dut,
ikusi dut zure begietan oihua
jaio eta hil
eta herriko jendera joan naiz
besoak irekirik,
gaur zu babestuko zaitut nik,
nigatik ez duzu jasoko minik.

"Sorgin!
Sorgin!
Sugarretan hil!"
"Ezin badut heriotza garaitu,
mina garaituko dut zuretzat"
entzun ditut zure azkeneko hitzak,
gezi zuhurra
zeharkatu dit bihotza,
sua ez du jango nire gorputza,
ikusi dut azken zizpuru artetik
zure malkoak begietatik ihesean,
maite izanaren pisua,
maitalearen patua,
barkatuko al zara inoiz?
nire partez 
bizi zaitez
eta inoiz ikusiko ez dudana ikusi,
zatoz maitea nirekin,
zain egongo naiz beste aldean
zure ordua noiz etorri,
bitartean niregatik bizi.

Hil da sorgina
eta zuk bakarrik
negar egingo duzu,
pozten nau ni
zure malkoak
nireak izatea
baina noiz edo noiz egin irri,
hemen egongo da sorgina,
beti zurekin,
maitasunaren mantuarekin. 


Maitasunaren jostuna


Ez dago jostunik
nire bihotz-zatiak
konponduko dituenik,
ez dago orratzik,
ez haririk
bihotz hau josteko gai,
baina egongo al da eskurik
gelditutako apurrekin
bihotz berria egingo didanik?

Zain egongo naiz
maitasunaren jostuna
noiz etorri
zuk utzitako
bihotz zatiekin,
bihotz berria
edukiko al dut nik?

Ez dago bihotz apurtua konpontzerik,
baina norbaitek berreraikiko al dit?

2010-10-25

Nor zara?


Ispilatzea al zara
maitasunik gabeko desertuan?

Ametsa al zara
lorik barik amaigabeko gauan?

Irudia al zara
ikusmen gabeko betzare itsuan?

Maitasuna al zara
sentimendu hilen kanposantuan?

Nor ote zara
nire bihotzaren gazteluan
bizi zaren printzea?


Nire izena zure ezpainetan

Zure ezpainetan
nire izena
bai entzuten dela
ederra,
musukatzen dute
izenaren letrak,
eta hain da gozoa,
hain da trebea.

Zer ote du zure ahotsak
hain ondo ahoskatzeko
nire izen sinplea?

Daztatzen al dute zure ezpainek
esandako izenaren zaporea?
Hain da gozoa niretzat...

Mesedez,
deitu nazazu berriz,
esan ezazu nire izena
bat eta mila aldiz,
nire izena jaio baitzen
zure ahoan bizi dadin.

2010-10-24

Gezurrak eta ipuinak

Ipuin bat bezala
gezurrak kontatuko dizkizut
eta egia bailira
sinestuko ditut
nire gezurren ipuinan
zu izango zara printzea
eta ni fantasien printsesa,
nahastuko ditut
gezurrak eta ametsak,
ipuinak eta egiak
eta lotaratzeko orduan
kontatuko dizkizut
amestutako gezurrak
eta ipuinetako egiak.

Ke zuria

Leihotik begira
tximinia altua
eta ke zuria
zeru garbian
arrasto zikina,
poluzioaren txirrina,
irudi polita
amets baten giza
liluratuta gizakiak
paisaian itxiak
ke zuri ederra
ez da baino ametsa,
garaikidearen ispilatzea
eta jakinda ere
ezin kendu begiak,
hain da polita
zeruan ke zuria
hodeiak bailira.

2010-10-22

Munduaren azkena

Erori dira herriak,
itzali dira argiak,
ezin ikusi eguzkia
ilundu da ilargia,
hil dute itxaropena,
hiltzailea da gizakia
eta zutik gelditzen direnak
ikusiko dute
munduaren azkena.

Azken une tristeetan
negar egingo ote dugu?
Aitortuko ote ditugu
gure bekatu guztiak?
Isilpean onartuko al dugu
gure patuaren sinua?

Harro azken unera arte
zutik itxarongo dugu
itxaropen hilaren ilunpean
eta malko azken batekin
sinatuko dugu gure istorioa,
nork ikusiko ote du
munduaren azkena?

Nire bihotz zatiak

Nire bihotz apurtuaren zatiak
gorde ditut zuretzat,
etorriko al zara inoiz haien bila?
zain daude giltzaperatuta
itxaropenaren ilunpean
eta ematen didate mina,
taupada bakotzarekin,
noiz piztu, noiz itzali samina
ezkutaketan jolasten dute
oroimenenen itzalarekin.

2010-10-21

Itsasoaren maitalea

Itsasoak lapurtu dit bihotza,
ez dakit noiz, ez zegatik,
baina hasiera-hasieratik
ezin naiz bera gabe bizi,
bereganatzen nauen bakoitzean
bihurtzen nau bere maitalea,
murgiltzen naiz haren laztan gazietan
eta ezin dut ihes egin.

Itsasoaren kanta entzuten dut,
abesten du nire izena,
besarkatu nahi du nire gorputza
bere beso bustietan,
nire azal biluzia daztatu
eta ez inoiz berriz joaten utzi

Eta nahiz eta jakin
zein den itsasoaren maitalearen zoria,
urperatuta itotzea bere musu gazietan,
behin eta berriz bueltatzen naiz tokira
bere besoen kulunkan lo egitera,
baliteke egun batean ez esnatzea
eta betirako itsasoaren maitale izatea.

Ama

Ama,
zuk ekarri ninduzun mundura,
zu izan zara nire irakaslea,
nahiz ez izan ikasle trebeena,
baina maite nauzu berdin,
maite nauzu ikusitako lehen unetik,
edo baliteke jaio aurretik?

Ama,
elkarrekin egin dugu negar eta barre,
naiz zuk emandako izenaren eramaile
eta horretaz harro egin nahi zaitut,
nahiz eta batzuetan ahazten dugun
ni ni naizela eta zuk zu,
gure haserre guztiekin maite zaitut
eta denbora joan ala etorri
berdin-berdin maiteko zaitut,
barre edo negar egin,
betirako izango baitzara ama
eta ni betirako alaba.

Ezinezko fantasia

Izkutatutako momentuak
gorde ditut bihotzean,
zu ez ditzazun aurkitu,
blai nire malkotan,
kaxoiaren ilunpetan
lotan daude zure gutunak,
eta isilpean giltzaperatuta
dut zure azken agurra.

Sekretuen munduan
eraiki dut nire fantasia,
zu bizi zara bertan, maitea,
gutunak eta agur tristeak
galtzen dira ilunpetan,
malkoak zure izenean
ez dira jaio ez hil
nire ezpain garratzetan
eta oraindik dute ere
zure zapore gozo eta epela,
zure musuaren zain
bizi eta hiltzen diren ametsak.

2010-10-20

Sekreturik gabe

Gau ilun honetan
sekreturik gabe
 maita gaitezen
huts ditzagun atzean
gure herri eta izenak,
bete ez diren ametsak
eta antzinako oroitzapenak,
murgil gaitezen biluzik
maitasunaren usain gozoan,
izango gara gardenak,
berriz umeak,
sekreturik gabe,
hasiera-hasieran
ginen modu berean.

Eta betirako gorde dezagun
gau honetako oroimena,
non ni ez naiz ni baizik zurea
eta zu ez zara zu baina nirea.

Sekreturik gabeko gau bakarrean
galdu ditzagun ametsak
eta sortu berriz oroimenak.

2010-10-19

Gauaren ilunpean

Amatatu itzazu argiak
sekretuan izango gara maitaleak,
ilunpetan inork ez da etorriko bila
eta azkenik libre izango gara.

Isilarazi nazazu musu batekin,
ez dut berriz ere hitz egin nahi
zuk daztatutako ezpain hauekin,
lapurtu itzatu gaueko ilunpetan
eta ez itzazu
inoiz bueltatu.

Izango zara gaur nire ohea,
zure besoak nire izarak,
besarkatu ezazu bakardadea
nirekin gau ilun honetan,
egingo al nauzu zurea?

Biharamunean eguzkiak
amatatuko du ilargiaren argia
eta harekin gure ametsak,
hauxe da gure une azkena,
biharamunean ez zara izango nirea,
eguzkia etorriko da etxera
eta harekin errealitate krudela
eta betirako agur esango dugu
aldendutako maitaleak.

Zer ote da maitasuna?

Zer ote da maitasuna?
galdetu nion aireari,
lur eta itsasoari,
eguzki eta ilargiari
eta inork ez zuen
niretzat erantzunik.

Eta orduan zu etorri zinen,
hitzik gabe, musu batekin
eta bihotza piztu zenidan
gutxinaka, leunki
eta erantzun gabeko galderaren
erantzuna aurkitu nuen nik,
hauxe da maitasuna
egotea zurekin,
hauxe da maitasuna
zu eta ni,
hauxe da bila ari nintzen
erantzuna betidanik,
ez dago bihotza betetzeko
beste sentimendurik
zu gabe oraindik ere
egongo litzateke hutsik.

Zer ote da maitasuna?
Zu zara maitasuna,
zu eta ni.

2010-10-16

Beldurrik gabe ezin bizi

Beldurrik gabeko paradisuan
ez dago bizitzerik,
beldurrik gabe ez baitago
aurrera egiterik.

Olerkiak

Bihotzaren hitzak
dira olerkiak.

Jendeko herriak

Ez dago
hizkuntza gabeko herririk,
ez
ametsik gabeko jenderik.

Jendez daude herriak eginak
beraz,
ametsezko eraikinak dira
eta
hizkuntza batekin
partekatzen ditugu guztiak.

Maria

Maria hotz da,
hori esan dit
zizpuru batetan
hortzen artetik.

Bilatu ditut
azken txanponak
kartera zaharrean,
azken zentimoak
berarentzat.

Tximeleta beltzak
hegan irten dira,
azken agurraren
tximeleta beltzak.

Ez dut kafe bat ere erosteko adina diru.

Mariaren gorputz dardartia
dardarka utzi nau,
besarkatu dut bere gorputza
nirearekin aldenduz hotza.

“Zeozer geratzen zaigu?”
galdetu du Mariak,
Mariaren ahots urratuak,
bere ezpainen azken hitzak.

“Azken bat geratzen zaigu”
erantzun dut,
nire ahots puskatua,
nire azken hitzak.

Maria leunki irribarre egin du,
horren ondo ezagutzen dudan irribarrea,
azkena bere ezpain hotzetan.

Kazadora zikinean bilatu dut,
gure hondasun eskasen azkena
hauts aztarnak mukizapi zurian
eta azken papera.

Pixkana eta hatz jakitunekin
biribildu ditut denak
ambrosia eta pozoi
zigarro azken batean.

Azken poxpoloaren
sugarrarekin piztu dut
paradisuaren atea
eta jarri Mariaren aho gorrian.

Kalada bat berak,
kalada bat nik,
gauaren orduak hegan doaz,
hotzaren orratzak kearekin.

Mariaren dardarak eten dira,
bere katu begi grisak itxi,
malko epelak hoztu dira
betazalen artean diamente giza.

Amestsen munduaren atarian
beti bezain eder sumatzen dut Maria,
gorputz argalegia,
azal zuri-zuria
ezpain gorri biziak
betazal ilun txikiak.

Edurne zuri dirudi
printzearen musuaren eske,
baina musukatu banuke nire Maria
ez litzateke berriz esnatuko.

Loti ederra dirudi,
bere ehun urteko loaldian,
baina ehun urte barruko
musurik ez luke esnatuko.

Oh Maria,
nire Maria,
galdu egin ninduen Maria,
bere gauera eraman ninduen Maria.

Hotz-hotza dago bere azal zuria,
moreak bere ezpain gorriak,
gauaren edertasuna da,
heriotzaren aingerua,
nire Maria.

Norbaitek esan zidan behin
hotzak hiltzea zela
heriotzarik gozoena
eta Mariaren aurpegi lasaiari begira
ulertzen dut zein gozo den bakea.

Ni ere laster dastatuko dut
heriotzaren amets epela.
Erraza da heriotza,
gozoa eta gardena.

Baina paradisu ilunera
sartu aurretik
Mariaren aurpegia ikusi nahi dut,
instant bat gehiago,
bere irudiarekin bidaia hasteko.

Azken kaladaren kea
intoxikatzen du gauaren airea
Mariari azken begirada bat
azken musu bat bere ezpain hotzetan.

Iruditu zait argia jaio dela,
hotzaren besarkadan urperatu naiz,
iluntasunaren hots gozoak esan du nire izena,
heriotzak Mariaren ahotsa du.

Hurrengo eguneko egunkarian,
lehenengo plana:
"2 jonkey-en hilotsak aurkitu dira
besarkada batean,
parkeko banku batean,
hoztuta hil omen ziren
bart gauean."

Zure xehetasun guztiekin

Gauza txikiekin
kezkatzen zara,
erraz irteten
zaizu negarra
eta gorritzen
zaizkizu masailak,
erraztasunez
lotsatzen baizara.

Broma sinpleak
eragiten dizute
irribarrea,
maite dituzu
ipuin eta printzeak
eta gorroto
amaiera tristeak.

Ezagutzen dut
zure xehetasun bakoitza,
zure haserre beroak
eta negar hotzak,
zure irribarre epela,
kezka eta pozak.

Ez dago ni bezala
ezagutzen zaituenik,
egongo al da zure bihotzean
niretzako lekurik?
Ba al zenekien nire bihotzaren
printzesa zu zinenik?
Nire pentsamendu orotan
bizi zara betidanik,
zure pentsamenduren batean
agertzen al naiz ni?

Maite zaitut, maitea
zure xehetasun guztiekin
eta beti eramaten zaitut
bihotzean nirekin.

Eramango al nauzu
zuk ere ni?

2010-10-14

Maite ninduzulakoan

Maite ninduzulakoan
maitemindu nintzen
eta maitasuna ez zela
konturatu zinenean
beranduegi zen,
nire bihotza jada
zuria baizen.

Hitzik gabeko segundo luzeak

Zu gabeko denbora
astiro pasatzen da,
segundo, minutuak
urteak bihurtuta,
jada ez dakit zer egin,
hitz guztiak zentzugabeak
bihurtu baitzaizkit
eta ez ditut sentimenduak
zuri azaltzeko modurik,
nire hiztegi osoan
ez baitaude hitz nahikorik
maitasun hau
adieraziko dutenik.

Bizitzaren erlojua
apurtuta daukat
joan zinenetik,
segundo, minutuak,
urteak, orduak
denak dira luzeak
zu barik
eta hitzak orain ere
zure bila joan zaizkit
eta ez daukat zer eginik,
maitasun hau ere
ezin baitut idatzi.

Bueltatuko al zara
nire hitzekin?
zain egongo naiz
urteak diruditen
segundoekin.

Irribarre batekin

Zure irribarre batekin
iluntasuna argitzen da
hau al da maitasuna?
egia esan ez dakit.

Baina badakit
zure irribarrea ikusteagatik
edozer emango nuke,
zure irribarrearen truke.

Zure irribarre batekin
bihotza salto egiten dit,
dena diztiratsua dirudi
irribarrea hori ikusten badut nik.

Mesedez egin ezazu irri ere nirekin,
malkoak uxatuko ditut zure begietatik,
zu triste bazaude triste bainago nik,
zu pozik bazaude, nik ere pozik.


Zure irribarre batekin
iluntasuna argitzen da
hau al da maitasuna?
egia esan ez dakit.


2010-10-13

Ez negarrik egin

Ez negarrik egin,
ene maitea,
hemen nago ni,
ez negarrik egin.

Esan non duzun min
eta nik uxatuko dut
musu batekin.


Ez negarrik egin,
ene maitea,
hemen nago ni,
ez negarrik egin,
hemen nago ni
beti zurekin,
ez negarrik egin.


Izenik gabeko landetan

Odoleko errekak
izenik gabeko landetan
gudaren izenean
eraiki dira.

Izenik gabeko hilotzen aurrean
izenik gabeko emazteak
negar egingo dute
izenik gabeko landetan.

Izenik gabeko etxeetan
izenik gabeko gizonen
alaba eta semeak
zain egongo dira.

Izenik gabeko landetatik
izenik gabeko etxeetara,
emazte, seme-alabetara,
ez dira itzuliko eroritako gudariak.

Izenik gabeko malkoak besterik ez ditut
izenik gabeko landetako izenik gabeko gudarientzat.

Poeta baten heriotza

Mundua utzi du poetak
baina bere arima gurekin gelditu da
betirako bere olerkitan bizitzera.

Ametsik gabeko gauak

Etorriko al zara niregana
berriz ere, ametsik gabeko gauetan,
zure zain gelditzen naiz
orimeneko gure itsasertzean,
baina zu ez zara ageri
eta biharramunean esnatzen naizenean
konturatzen naiz
ametsik gabeko gaua ametsa izan dela.

Ametsik gabeko gauak amezten ditut
zure zain gelditzeko oroimeneko itasertzean.

Ametsik gabe, itxaropenik gabe

Ez daude ametsik gabeko gauak,
ez itxaropenik gabeko egunak,
ametsak galtzean ez gara pertsonak
eta itxaropenik gabe, bizi diren gorpuak.

2010-10-11

Leihotik begira

Leihotik begira
orduak pasa dira
Zer ikusten ote dute
zure begiak?

Begirada galduta
ametsen munduan
ez dago niretzat lekua.

Egunero ikusten zaitut
leihotik begira,
mundu misteriotsuei
leihoak bailira
zure begiak.

Nik ere begiratu nahi nuke
zure begi gardenen leihotik
nire begien paisaiaren truke.

Etorriko bazina

Nire bila etorriko bazina
itsasertzean nago eserita,
agurtu genuen leku berdinean,
gauero ilargiaren argipean
zure zain gelditzen naiz.

Gaueko itsasoaren iluntasunean
biluzik murgiltzen naiz zure bila,
gure kanta abesten dut maitea,
hitzik gabeko itxaropen isila.

Nire bila etorriko bazina
itsasertzean nago eserita
abesten bidea aurki dezazun,
gaueko itsasoan ez zaitezen galdu
ni izango naiz zure itsasargia.

Gure artean

Gure eskuen artean
airea,
gure bihotzen artean
ametsak,
gure gorputzen artean
tartea,
gure pentsamenduen artean
aldea,
zu eta nire artean
maitasun sinplea.

Gereziondoaren loreak

Gereziondo loreen elurtea
mara-mara ari da,
margolari baten oroimena
petalo zurien edertasuna
betirako irudikatu nahian,
galdu egin da.

Gereziondo loreen euripean
ahaztu dut ametsen aterkia,
petalo zurien laztan artean
lo egingo du nire arimak.

Entzun gereziondo loreen ahotsa,
haien kanta sorgindu du ene bihotza,
betirako naiz haien esklabu hutsa.