2011-11-17

Bizitzaren trena

Hara doa bizitzaren trena
trenbide luzean barrena,
atzean uzten ditu
iraganeko uneak,
leihotik bestalde
pasatzen diren bizipenak,
istant batean "orain"
hurrengoan oroimenak,
aurrera begira
edo atzera,
gure erabakia da
non eseri trenean,
biharamunari espero
edo galduta bart gauean,
edo instant honetako paisaia
betsarean erreta
galdu ez dezagun oraina
bizitzaren gurutzapenetan,
zeruan orbainak uzten ditugun bitartean,
erretako ametsen kea.

2011-11-12

Begiak ixtean

Orain ez zara nire ondoan
baina aurkituko al zaitut
begiak ixten ditudanean?

Nahi gabe irteten dira
nire eskuak zure bila
eta lokartze aurretik
zure argazkiari begira
zugan ihes egiten dute
nire begiak,
ametsetan aurkituko al zaitut?
abesti bat lokartzeko abestuko al didazu?
zure ametsetan bilatuko al nauzu?

Haizean zure ahotsa entzuten dut,
joan eta bueltatuko ez diren uneak
oroimenean lurperatu ditut,
negua sartu da ene bihotzera
eta zure gozotasuna hoztu du.


Orain ez zara nire ondoan
baina aurkituko al zaitut
begiak ixten ditudanean?

Gauero itxi egingo ditut begiak
zutaz pentsatzen...

2011-11-06

Bizitasunen Museoa

Egongela zuria zen, handia, pareta biluziekin, artelan ez posterrik gabeko horma zuri, garbiak. Edade guztietako pertsonak eserita zeuden egurrezko banku luzeetan, isil-isilik, bai zahar, bai gazteak, baita umeak ere, gizonak edo emakumeak; guztiok ospitale antzerako kamisoi zuria soinean. Baita berak ere. 

Noizean behin ahots baxu batek izenak esaten zituen eta izen haien jabeak altxa eta gelan zegoen ate zuri bakarrenetik desagertzen ziren. Inoiz ez ziren bueltatzen.

"Elene Zabalbide" -deitu zuen ahotsak bere izena eta bere aurretik desagertu ziren pertsonak bezala, emakumea eserlekutik jaso eta aterantz abiatu zen. 

Kisketa hartu eta astiro buelta eman zion isilpean atea ireki zen arte. Aurrean zer aurkituko ote zuen ezin jakinik pauso bat eman zuen eta gero beste bat, egongela zuri biluzia atzean utzi zuen arte. Atea inongo laguntzarik gabe bakar-bakarrik itxi zen, baina Elenek ez zion kasurik ere egin. Bere begi aurrean gorputz osoko ispilu luzea zuen eta han ikusi zuen bere gorputzaren isla lehenengo aldiz azken orduetan. 18 urte zituen berriz ere, gaztea zen eta ile luze kizkur ilunak sorbalda biluzi zurien gainean erortzen zitzaion mantu baten giza. Aurpegian ez zituen oraindik urteak eta bizitzak ematen dizkizun zimurren arraztorik; ezta irribarre egiteko ohitura zuten ezapainen ondoan ere.

-Zergatik?-galdetu zion bere buruari- Zergatik naiz horren gazte?

-Zure buruaren islada ikusten ari zarelako. Horixe da zuk zure burua ikusten duzun modua, zure arimaren isla-erantzun zion ahotsak.

Elenek norbait bere alboan sumatu zuen, baina ez zuen buelta eman. Betertzetik ikusi zuen tunika luze zuri baten mugimendu geldoa. Bere 18 urteko buruari begiratu zion berriz ere.

-18 urte nituela ezagutu nuen Peio- esan zion bere buruari berriz ere eta beti bezala bakardadearen ziztada sumatu zuen bihotzean.

Ahotsak ez zuen erantzun berehala, bere tristura sumatuko balu bezala. Hitz egin zuen isiltasun segundo luzeen ostean:

-Orain aurrera jarraituko bazenu hurrengo gelara iritsiko gara.

Emakumeak esan bezala egin zuen eta hurrengo gelara sartu zen. Egongela handi argitsua, hainbeste maite zuen zeru koloreko hormekin eta haietatik eskegita milaka argazki eta artelan, bakoitza bere markoan sartuta. Eta margolanei begira, bakoitzean margotutako eszena bakoitza ezagutzen zuela konturatu zen. Bere bizitzaren uneak ziren irudi-moduan kontatutako bizitza oso bat.

-Hauxe da zure bizipenen museoa- azaldu zuen ahotsak- zure bizitzaren gertaera guztiak dituzu hemen ikusgai azken aldi batez beriradatxo bat bota nahi badiezu.

Hitzik gabe Elene kuadroen bidea jarraitu zuen, begiak haietatik ezin apartatu. Han zegoen gogoan ez zuen bere jaiotzaren uneak. Txikitako oroimena lausoak eta bizitasun argiak. Ikusi zituen berriz ere amonarekin emandako paseoak, aitarekin igotako mendiak, amarekin berbetan igarotako arratsalde euritsuak, lagunekin asmatu zituen jolasak... aspaldi ahaztutakoak. Eta bat-batean han zen berriz ere bere 18 urteko burua, loredun soineko zuria soinean. Soinekoa berehala ezagutu zuen azkenik jantzi zuenetik hainbeste urte pasa baziren ere. Inoiz ahaztuko ez zuen gaua zen hura, herriko jaietan Peio ezagutu zuen gaua. Eta han zen Peio, mutiko altu eta argala berari begira. Nahigabe irribarre egin zuen ezagutu zuen unea oroituz, bai, une hartan bere bizitzaren norabidea aldatu zen.

Eta handik aurrera beti zen Peio argazki guztietan. Peio eta biak hondartzan, itsarertzean paseoan. Peio eta biak gabonetan edota udaberriko lehengo loreak hartzen parkean. Lehengo musua eta izana zen neskato lotsatia bezala irri egin zuen. Ezkontza-eguna, irribarrea ezpainetan, soineko zuria sinplea izan arren munduko emaztegairik ederrena zela esan zion Peiok harro-harro. Bere begietan beti zen Elene politena. Gogoan zituen ere malkoak amonaren begietan bere iloba nagusi maitea ezkontzeko baitzen eta. Urte gutxi batzuen menpean ez zuen amona berriz ikusiko, baina momentu hura maitekiro gordeta zuen bihotzean.

Eta ondoren bere bizitzaren margolanak amaigabe jarraitzen zuten. Peio eta bien alaba jaio zen eguna bere bizitzako zoriontsuenetakoa izan zen. Ostean bere beste bi semeak. Eta koadroz koadro haien hazkuntza ikusi zuen, Peio beti zuela alboan. Baita aiton-amonak bihurtu ziren eguna ere. Beste egun zoriontsua. Amona etorri zitzaion berriz ere burura, amona bezalako amona izan nahi zuen. Baziren egun zoriontsuak eta egun tristeak, bere aurretik munduan huzten zuten familia eta lagunei agurra... Eta azkenik Peio agurtu behar izan zuen eguna ere etorri zen, han pareta hotz batean zintzilikatutako beste irudi bat besterik ez, baina bere bihotzean oraindik ere min ematen zion oroitzapena. Handik aurrera jada ez zegoen Peio bere ondoan argazkietan eta tristura txiki, isil hura jantzita zeraman beti Elenek. 

Hala ere, urteak oarindik pasa ziren bere bizipenen museoan eskegitako lanetan. Bere sema-alabekin eta haien seme-alabekin bizitako milaka bizipen gehiago. Gelaren azkenera iritsi zenean Elenek ez zuen irribarrea ezpainetatik kendu, nostalgiaz beterikoa, baina zoriontsua. 

-Bizitza luze sinplea bizi izan dut-esan zion bere atzean sumatzen zuen presentziari- Baina zoriontsua izan naiz benetan.

Ahotsak irribarre egin zuen. Ez zekien nolatan sumatu zuen, ezta ahotsek irribarre egiterik zuten ere, baina hala sentitu zuen; izenik gabeko bat-bateko epeltasuna bihotzean.

Azken koadroaren ostean egur-koloreko ate sinplea zegoen. Elenek begira geratu zitzaion instant batez pentsakor.

-Beste aldean Peio al dago nire zain?- galdetu zuen itxaropenez beteta- Nire zain egon al da urte luze hauek?

- Ez dakit-erantzun zion ahotsak serio-serio- Inork ez daki zer ote dagoen ateaz bestalde, ezta nik ere, eta jakingo banu ez nuke esango. Zure bizitza zuk soilik bizi dezakezun moduan, ondoren datorrena ere zuk bakarrik bizi behar duzu. 

Elenek buruarekin bere adostasuna azaldu zuen.

-Aurrera jarraitzeko unea da- esan zuen eta beldurrik gabe ate aurrean jarri eta eskua kisketan jarri zuen.

Ez zuen ikararik sumatzen, ezta antzekorik ere. Zirrara sentitzen zuen, atearen bestalde Peio bere zain zegoelakoaren ziurtasuna baitzuen bihotzean. Aspaldi irakurritako eleberri baten esaldi etorri zitzaion burura: "maitearen zain egotea maitea laster etorriko dela jakinik paradisua da". Ateaz bestalde bere maitea zegoen zain bera noiz etorriko, ate hura paradisura atea zen.

Pentsatu gabe eta irribarrea ahoan atea ireki eta desagertu zen. 

Egurrezko atea bakar-bakarrik itxi zen eta Elene Zabalbideren Bizitasunen Museoan Heriotza bakar-bakarrik gelditu zen ateari begira. Bere begien aurrean atea desagertu eta leiho borobil txiki bat agertu zen. Heriotzak ez zuen bertatik begiratu. Zertarako? Bestaldean zegoena zegoela ere berak ezingo zuen inoiz bisitatu. Buelta eman eta bere pausoak desegin zituen egongela zuri handiaren atariraino. Bere atzean Eleneren Museoaren sarrera itxi eta desagertu zen. Heriotzak irribarre gozoa sumatu zuen ezpainetan, epeltasuna bihotzean, Elene bezalako pertsonak, bizitza azkenerarte eta damutu gabe pozik bizi izandako pertsonak, ez ziren horrenbeste ikusten bere eguneroko lanean. Baina beti joaten zirenean zoriontasunaren usain gozo hura uzten zuten atzean. Haien presentzia mundutik, ezagutu izan zituzten pertsonen bihotzetatik, ihes egingo ez zuen inoiz. 

Hura zen bizitzaren azken gailurra, azken lorpena. Gutxik jakingo balute ere Elene Zabalbideren bizitza arrakastatsua izana zen.


2011-11-05

Maitasuna izan nintzen

Ametsa izan nintzen
zure loaldian,
letra izan nintzen
zure abestian,
taupada izan nintzen
zure bihotzean,
malkoa izan nintzen
zure begietan,
agurra izan nintzen
zure gutunetan
eta orain malenkonia naiz
zure oroimenetan.

Zergatik?
Maitasuna izan nintzelako zuretzat.

Hemen da udazkena!

Udararen azken zizpurua
itzali du iparraldeko haizeak,
kolorez jantzi dira mendiak
eta gaztaina-usaina dute kaleak,
laster biluztuko dira zuhaitzak
txantxangorrien kantu artean,
inork agurtu ez badu ere
hemen da eta udazkena!
eta gailurrak zuritu ezean,
gabon-kantetan umeak,
hemen izango dugu berbetan
urre eta gorrizko andrea,

inork agurtu ez badu ere
hemen da eta udazkena!

2011-10-27

Udako printzea


Lehenengo maitasunaren itzala jantzi du gaur oroimenak. Ez dakit zergatik, baina joan denbora ala etorri, lehenengo maitasuna beti dago zain nire oroitzapenak noiz harrapatu eta nik haien menpe geratzen naiz, ekaitzaren menpe. Eta behin eta berriz galdera bera egiten diot nire buruari: gogoratzen al nauzu zuk ere noizean behin?

Gogoan al duzu uda hura? Umeak besterik ez ginen, nagusiak izan nahi ginen ume inozoak, oporretan hondartza ezezagun baten ertzan. Oraindik ez genekien, baina uda hura ezberdina izango zen, gure bihotzetan inoiz amatatuko ez den uda.

Hotelean lehenengo gaua zen, diztiratsua eta promesaz  betea, eta han nintzen ni, nire soinekorik politena soinean, bakar-bakarrik dantzalekuaren izkin ilun bakarti batean, nire printzea noiz etorriko zain. Neskato inozo baten fantasia gozoak besterik ez ziren, baina orduan zuk etorri zinen. Egia esan, hainbeste denbora pasa da zein zure aurpegia lainotu zaidan nire memoriaren iluntasunean, baina oraindik ere naiz une haren gatibu, zure irribarre zuriaren preso... Inoiz ez dut ahaztuko, milioika gau gure oroimena lainotzen badute ere, zure begi ilunen argia, zure ezpainetan dantza egiten zuen irribarre zuria, zure begi ilunen ispiluan islatzen zen ilargi erdia.

Eta gau hartan niregana etorri zinen zure irribarre zuria begi beltzetan dantzari. Eskua niregana hurbildu eta galdera bakar batekin ene bihotza lapurtu zenuen.

-Nirekin dantzatuko al zenuke?

Ba al dakizu? Inoiz ez dut aitortu, baina zu izan zinen nire lehen printzea eta denbora pasata ere, egunak bata bestearen atzean ihes egin badute ere, zu izango zara ene bihotzaren printze bakarra. Zure ostean behin eta berriro maite izan dut, zu ez diren beste gizon asko, baina ene printzea zu baino ez zara. Ez al da hori lehenengo maitasunaren magia?

Baina atzera bueltatuz, oroimenen errienura, instant hartan, zuk eskanitako eskua hartu nuenean, han hasi zen dena. Momentu batean, segundo batean, erabaki txiki batekin, inoiz ahaztuko ez dudan istorioa hasi zen, gure istorioa. Handik aurrera ez dago atzera egiterik.

Gogoan al duzu? Elkarrekin topatzeko edozein aitzakia asmatzen genuen. Gu bai gezurtien errege!

Gogoan al dituzu itsasertzetik paseo luzeak? Igarotako gauak izarrenpean bata bestearen aurpegira begira, beti soslai eta sekretuan?

Gogoan al dituzu zentzurik gabeko hitzak? Luzatzen ziren solasak? Asmatzen genituen jolasak?

Nik oraindik ere gogoratzen dut zure eskuak nire eskua hartu zuen lehenengo eguna, biok urduri eta biok pozik, beste aldera begira baina elkarrekin. Eta nire lehenengo musua sekretuan lapurtu zenidanean eguzki azken izpiek begiratzen ez zutenean.

Ikusten ditut oraindik ere helduen irribarreak elkarrekin ikusten gintuztenean, jakitunen erdi irria.

Eta zu, zu gogoan zaitut nahi ala ez nahi.

Baina dena bezala, bizitzaren moduan, uda hura ere amaitu egin zen eta agur esan genuen hotel baten atean. Agur. Beti gordeko dut bihotzean zure begi ilunen tristura, ilargiak argitzen ez duen laku baten moduan. Instant batez denbora gelditu zen gure inguruan  eta haizeak eraman zituen gure azken hitzak, baina jeloskor gorde dut zure azken musuaren zapore gozoa ezpainetan.  Eta inork aurkituko ez duen kaxoi sekretu baten sakonean bizi da azken momentuan oparitu zenidan eskumutur xumea, zure agurraren zauria, gure maitasunaren eskara.

Hitz eman genuen hurrengo udan etorriko ginela hondartza berberera, berriz aurkitu eta elkartuko ginela. Baina egun hartatik hainbeste uda pasa dira... eta inoiz ez naiz gure oraimenentako hondartzara behin ere itzuli. Eta noizean behin galdetzen diot nire buruari: itzuli al zinen zu? Itxoin al zenuen hainbeste maitatu genuen eta maitatu gineneko itsasertze urrun hartan?

Edo ahaztu al duzu neskato argal eta amezlari hura? Zure eskuak, zure ezpainak, zure begiak...lapurtu nahi zituen bahitzaile xistrin hura?

Nik noizean behin zugan pentsatzen dut. Itzuli ez banintzen ere, bilatu ez bazintudan ere, beldur bainintzen zuk ahaztu ote ninduzun... oraindik ere batzuetan, zure begien agurra bezalakoxea diren gau ilun tristeetan, gure oroimenen parketik ibiltzen naiz paseoan. Zu maite zintudanetik, umearen mozorroa atzean utzi nuen uda hartatik, egunak eta gauak agurtu dira amaigabe, eta behin eta berriz maitemindu naiz, gizon hau ala bestea maite izan ditut; baina inoiz ez zu maite zintudan moduan, inoiz ez... Zu izan baizinen lehena, zuk lapurtu baizenuen nire bihotza eta inoiz ez zenuen bueltatu, zu izan baizinen nire printze bakarra... gaztaroko ametsen itsasertzean jaio zen  udako printzea.



2011-10-22

Atzoko haizea

Atzoko haizeak
iraganeko uneak
jantzi ditu soinean
eta badator
gure artera
galdutako udaberriaren
oroimenekin batera,
malenkoliaren lurrina
ekarriko du
nire bihotz hotzera,
ahaztu nahian
eta ezin ahaztu
gure maitasunaren
azken lore zimela.

2011-09-25

Azken otsoa

-Maite zaitut Txanogorritxu. Nirekin aterako al zinateke?-galdetu zuen otsoak irribarre xarmanta ezpainetan eta loreak eskuan.

Txanogorritxuk goitik-behera begirada bat bota eta irri egin zuen.

-Ez ditut gizon iletsuak gustoko. Ez al dakizu metrosexualen garaia dela? Joan zaitez depilatzera behintzat neska bati loreak eskaini aurretik!

Eta honela desagertu zen Euskal Herriko azken otsoa.


2011-09-18

Hitzak

Orain hitzak eskatzen dizkidazu. Zertarako? Inoiz ez dituzu hitzak behar izan eta. Beti izan zara laztanen lapurra, musuen egarri, beti gorputzaren lengoi sekretuan jatuna, keinu eta soslai begiraden hiztegia. Maitasunaren hizkuntzan aditua. 

Ahoa irekitzen nuen bakoitzean han topatzen nuen zure mingaina. Zure eskuak nire sekretuen bila, zure begiak xehetasun txiki bakoitzaren ehiztariak... baina hitzak, hitzak inoiz ez, hitzak ez ziren zuretzat. Gorputzaren lengoia nahikoa zenuen eta.

Gelatxo ilunetan, inork ezagutzen ez zituen txoko sekretuetan, argia aurkitzen ez dituen izkinetan... beti aurkitzen zenuen guretzako unea, hitzik gabeko maitasunarentzat.

Baina orain hitzak eskatzen dizkidazu. Zertarako? Inoiz ez dituzu hitzak behar izan eta. Baina denbora pasa ahala galtzen duzu gaztaroko konfidantza itsu hura eta orain hitzak nahi dituzu, gozoak, leunak... belarrian maitaleak xuxurlatzen dituzten hitz politak. Eta nik hitzik gabe aurkitzen naiz, esan nahi izan nituen guztiak ito zenituen eta. 

Orain hitzak nahi dituzu eta nik hitzik ez dauzkat zuretzat.


2011-09-08

Ilunabarraren gatibu

Isilpean, itsas ertzean eserita, instant baten zain, sekretuan. Itsasoa eta zerua besarkatzen diren puntuan begirada galduta, zure zain. Eta hitzik esan gabe, bat-batean, alboan somatzen zaitut eta iruzur egiten diot bizitzari, soslai begirada baten lapurra. Zure begietan ilunabarra gatibu da eta maitemintzen naiz berriz ere.



2011-05-11

Aita ez da gudaria

Aita ez da gudaria
baina guda etorri denean
etxeko atera joka,
hartu eskuan aizkora
eta gudariz mozorrotu da.

Aita ez da gudaria
eta amak badaki
eta isilik dabil negarrez izkinean,
zeren gudaria ez den aita
gudara doa.

Aita ez da gudaria,
aita aizkolaria da,
baserritarra da
eta batzuetan margolaria,
aita senarra da,
semea da
eta bereziki
aita aita da,
baina ez da gudaria.

Aita ez da gudaria
baina gudara doa,
sentzugabeko guda
norbaitek hasia,
aita bezalako
gudari ez-gudariak
borrokatutako guda,
gurea ez den guda,
baina gure etxeak erreko dituena,
gure landak lapurtu
eta eraman gure semeak
eta baliteke berarekin
aita ere joatea,
gudaria ez den gudaria
bueltatuko al da inoiz etxera?

2011-05-08

Itsasertzean oroimenak

Etxean naiz berriz,
paseoan betidako kaletatik,
eseriko naiz Donostiako portuan
eta txikitako oroimenak datorzkit,
olatuen orroen gainetik
abesti zahar bat norbaitek ari da kantari,
itsasoaren doinua al da hori?
hainbeste maite dudan itsasoa
ari al zait kantari?
eta abesti zaharraren letrekin
gaztetako oroimenak datorzkit.

Zenbat egun,
zenbat gau
eman genituen hemen eserita?
itsasoaren abestia
atzealdeko melodia,
gure maitasunaren gatibu.

Joan eta etorritako uneak,
izan ginen umeak,
txiki eta xaloak
oroimenaren gela hutsean,
denboraren menpean
galdu dira,
baina itsasertzean eserita,
olatuen orroekin batera
instant txiki batez oroitu
eta berriz izango gara umeak


Zenbat egun,
zenbat gau
eman genituen hemen eserita?
itsasoaren abestia 
atzealdeko melodia,
gure maitasunaren gatibu.

Joan eta etorritako uneak
izan ginen gazteak
itxaropenez beteak
maitaleak,
apurtutako gutunetan
malkoek ezabatutako letretan
bizi dira,
baina itsasertzean eserita,
olatuen orroekin batera
instant txiki batez oroitu
eta izango gara berriz maitaleak

Zenbat egun,
zenbat gau
eman genituen hemen eserita?
itsasoaren abestia 
atzealdeko melodia,
gure maitasunaren gatibu.

Etxean naiz berriz,
paseoan betidako kaletatik, 
eseriko naiz Donostiako portuan
eta txikitako oroimenak datorzkit,
olatuen orroen gainetik
abesti zahar bat norbaitek ari da kantari,
itsasoaren doinua al da hori?
hainbeste maite dudan itsasoa 
ari al zait kantari?
eta abesti zaharraren letrekin
gaztetako oroimenak datorzkit.



2011-04-18

Istorioen istorioak

"Bazen behin" hasi ohi dira ipuin guztiak, baina ez istorio guztiak. Istorio baten kontakizuna edonondik has daiteke: hasieratik, erditik, baita amaieratik ere. Baina gizakion istorioa gehienetan orro batekin hasten da, negar ozen batekin, jaio izanaren oihua, bizi izanarena.

Honela hasi ote zen ere unibertsoaren istorioa? Orro batekin? Negar ozenarekin? Bizirik egotearen oihuarekin? BIG BANG...

Nik istorio guztiak kontatu nahi nituzke: zurea, nirea, unibertsoarena... Hasiera hasieratik eta amaierarik gabe. Nik istorio guztiak irakurri nahi nituzke: milioika urteko istorioak, segundo honetakoak... Bakoitzak badu zer kontatu eta. Inguruneak nahi luke ere bere istorioa idatzi eta nik nahi nituzke ezagutu, dastatu, laztandu...

Ezin ditut istorio guztiak kontatu, baina batzuk kontatuko ditut, guztien apur bat agian. Gozatu dezagun idazten eta irakurtzen. Gozatu ditzagun une bakoitzeko bizitzak. Dastatu ditzagun bakoitzaren istorioak, bai hemengoak, bai ametsen erreinukoak. Ametsak ere gure istorioaren parte baitira.

Nik idatziko ditut istorioak zuretzat, niretzat....

Istorioen Kontalaria

2011-04-13

Nire gitarraren abestia

Hitzekin eta hitzik gabe
nire gitarrari abesten diot penak,
akorde bat eta bestearen artean
zure izena atera da jolasera.

Beti bezala nire bihotza zure eskuetan
nire gitarrarekin negarrean
zu noiz etorriko zain,
abestiak bakardade hutsean.

Nire gitarrari gustatzen zaio zure izena
beti aurkitzen du zuri abesteko unea,
baina zuk inoiz ez duzu entzuten
beti zara beste maitasunen zale
baina nire gitarrari lekurik ez.

Zure bihotza lapurtu nahi nuke

Begirada bakar batekin
nire gitarrak badaki non zauden
eta bidera irteten da abestera
berdin zaio eta zein den unea

Beti du zuretzat astia eta abesti berria
akorde bat eta biren artean
zuretzat melodia
abestiak zure izenean.


Nire gitarrari gustatzen zaio zure izena
beti aurkitzen du zuri abesteko unea,
baina zuk inoiz ez duzu entzuten
beti zara beste maitasunen zale
baina nire gitarrari lekurik ez.

Zure bihotza lapurtu nahi nuke

Bai,
zure bihotza lapurtu nahi nuke
nire kanta hutsekin
sentimenduz beteriko
akorde sinpleekin
Emango al didazu astirik?
Entzuidazu behingoz
zuretzako abestiekin
airea dut jantziko!

Nire gitarrari gustatzen zaio zure izena
beti aurkitzen du zuri abesteko unea,
baina zuk inoiz ez duzu entzuten
beti zara beste maitasunen zale
baina nire gitarrari lekurik ez.

Zure bihotza lapurtu nahi nuke,
bai,
zure bihotza lapurtu nahi nuke.


2011-04-10

Bizitza bola batean

Gauero ohea hotz da. Bakoitza punta batean, bata bestearengandik urrun, bizkarra bizkarrari begira eta inoiz elkarri ukitu gabe.

Goizean Nerea esnatzen denean Jon jada ez dago. Lanera irten da goiz agurrik esan gabe. Egun on esaten dio geratzen den kafe hotzak eta azkar gosaldu ondoren lanera irteten da.

Eguerdian ez da etxera bueltatzen bazkaltzera. Badaki Jon han dagoela eta plastikozko tupper batetik jaten ditu aurreko eguneko soberakinak.

Arrastian bueltatzen da etxera nekatuta, laneguna luzea eta aspergarria izan da. Jon ez dago etxean, beti bezala irten da korri egitera eta bakar bakarrik afaltzen du gose baita, tupperreko bazkaria ez da nahikoa izan.

Jon iristen denerako ilun da jada. Baliteke lagunekin aurkitu izana, baliteke laguna emakumezkoa izatea. Nereak ez du galdetzen, ez du jakin nahi. Masailean musu hotz batekin agurtzen du. Eguneroko galdera berberak, bizitzarako beharrezkoa den erritual baten giza. 

Zer moduz? 
Zelan lana?
Nekatuta al zaude?

Eta betiko erantzunak, emoziorik gabeko gehiegi  irakurritako gidoia. Senar-emaztearen antzezlana amaitu da eta Jon afaltzera doa telebistan kirola ikusten duen bitartean, Nerea berriz, logelara gaueko mahaitxoan utzitako eleberria irakurtzera. 

Hamarretan puntuan Jon logure da eta argia itzali eta ohera sartzen da. Nerea ez du lo egiteko gogorik oraindik eta gaueko mahaitxoaren lanpara txikia pizten du. Jon hitzik gabe bizkarra ematen dio eta burua maindirepean ezkutatu. Laster lo dago eta Nerea irakurtzen jarraitzen du, bakar bakarrik gauaren isiltasunean.  Bularrean aspaldi sentitzen du min txikia, bihotzaren aldean, baina ez dio kasurik egiten. Penari ez dio hitz egiten uzten eta bere ahotsa liburuan barrena itotzen du.

Ez du lo egin nahi. Badaki bihar gaur bezalakoxea izango dela. Eta hurrengoa eguna berdin-berdina. Baina lanera joan beharko da goizean eta ezin da logure izan. Azkenik liburua utzi eta argia itzaltzen du. 

Eta hurrengo egunean ordu berdinean esnatuko da eta lanera joango da eta tupper batetik bakarrik bazkaldu eta etxera bueltatzean ez da inork egongo bera agurtzeko eta bakarrik ere lo hartuko du. Eta honela jarraituko dute egunak, bata bestearen atzean, amaierarik gabeko errenkada, gabonetako kristalezko elur-bola horietako batean biziko balitz bezala, behin eta berriz norbaitek buelta ematen dion bola batean, behin eta berriz egun bera bizitzeko.


2011-03-12

Hamairugarren ordua

Erlojua isildu da eta berarekin mundua. Ohetik altxatzen naiz. Gauerdia pasa da. Unea iritsi da, gauero bezala. Hamairugarren ordua da. Erlojuetan existitzen ez den ordu bakarra, egunaren ordu sekretua. Isilpean ibiltzen naiz, logelako iluntasunean iheslaria, maitale sekretuaren legez. Leihoa beti bezala nire zain dago, gaueko munduari atea. Kortinen artean izkutatzen naiz, iluntasunarekin soilik jantzita eta leihotik bestalde begiratzen dut, adi-adi, isiltasunaren entzule. Gauero bezala ikusten dut neskatxa ibiltzen kalean behera, gauaren mantua soinean. Kaleko argiek ihes egiten diote, bere inguruan dantzari biluziak baina neskatxa inoiz ukitu gabe, iluntasunaren alaba. Kalean behera desagertzen da, berarekin darama gauaren mantua. Kaleko argiek berriz ere jolasten dute iluntasunarekin, hatz horiak luzatuz errepidean behera, neskatxaren betiereko jazarpenean. 

Erlojuaren orratzak esnatzen dira eta haiekin mundua. Soinuak bueltatzen dira pixkanaka-pixkanaka, leunki... haizearen hotsa, aitaren zurrungak, txakur bakarti baten ulu tristea... Hamairugarren ordua amaitu da. Iluntasunaren ordu sekretua, misterioen ordua, sorginen ordua, mamuen ordua, ametsen ordua... eta... eroen ordua.