2010-10-16

Maria

Maria hotz da,
hori esan dit
zizpuru batetan
hortzen artetik.

Bilatu ditut
azken txanponak
kartera zaharrean,
azken zentimoak
berarentzat.

Tximeleta beltzak
hegan irten dira,
azken agurraren
tximeleta beltzak.

Ez dut kafe bat ere erosteko adina diru.

Mariaren gorputz dardartia
dardarka utzi nau,
besarkatu dut bere gorputza
nirearekin aldenduz hotza.

“Zeozer geratzen zaigu?”
galdetu du Mariak,
Mariaren ahots urratuak,
bere ezpainen azken hitzak.

“Azken bat geratzen zaigu”
erantzun dut,
nire ahots puskatua,
nire azken hitzak.

Maria leunki irribarre egin du,
horren ondo ezagutzen dudan irribarrea,
azkena bere ezpain hotzetan.

Kazadora zikinean bilatu dut,
gure hondasun eskasen azkena
hauts aztarnak mukizapi zurian
eta azken papera.

Pixkana eta hatz jakitunekin
biribildu ditut denak
ambrosia eta pozoi
zigarro azken batean.

Azken poxpoloaren
sugarrarekin piztu dut
paradisuaren atea
eta jarri Mariaren aho gorrian.

Kalada bat berak,
kalada bat nik,
gauaren orduak hegan doaz,
hotzaren orratzak kearekin.

Mariaren dardarak eten dira,
bere katu begi grisak itxi,
malko epelak hoztu dira
betazalen artean diamente giza.

Amestsen munduaren atarian
beti bezain eder sumatzen dut Maria,
gorputz argalegia,
azal zuri-zuria
ezpain gorri biziak
betazal ilun txikiak.

Edurne zuri dirudi
printzearen musuaren eske,
baina musukatu banuke nire Maria
ez litzateke berriz esnatuko.

Loti ederra dirudi,
bere ehun urteko loaldian,
baina ehun urte barruko
musurik ez luke esnatuko.

Oh Maria,
nire Maria,
galdu egin ninduen Maria,
bere gauera eraman ninduen Maria.

Hotz-hotza dago bere azal zuria,
moreak bere ezpain gorriak,
gauaren edertasuna da,
heriotzaren aingerua,
nire Maria.

Norbaitek esan zidan behin
hotzak hiltzea zela
heriotzarik gozoena
eta Mariaren aurpegi lasaiari begira
ulertzen dut zein gozo den bakea.

Ni ere laster dastatuko dut
heriotzaren amets epela.
Erraza da heriotza,
gozoa eta gardena.

Baina paradisu ilunera
sartu aurretik
Mariaren aurpegia ikusi nahi dut,
instant bat gehiago,
bere irudiarekin bidaia hasteko.

Azken kaladaren kea
intoxikatzen du gauaren airea
Mariari azken begirada bat
azken musu bat bere ezpain hotzetan.

Iruditu zait argia jaio dela,
hotzaren besarkadan urperatu naiz,
iluntasunaren hots gozoak esan du nire izena,
heriotzak Mariaren ahotsa du.

Hurrengo eguneko egunkarian,
lehenengo plana:
"2 jonkey-en hilotsak aurkitu dira
besarkada batean,
parkeko banku batean,
hoztuta hil omen ziren
bart gauean."

2 comentarios:

  1. Polita benetan baina tristea ere! Asko gustatu zait erabili duzun metafora, horrela deitu ahal bada.

    ResponderEliminar
  2. Mila esker benetan. Pozten nau gustatu izana.

    ResponderEliminar